Irudi Pertsonalaren Arauari atxikitutako lehen ziurtagiriak jaso dituzte Bizkaiko 15 establezimenduk

Irudi Pertsonalaren Arauari atxikitutako lehen ziurtagiriak jaso dituzte Bizkaiko 15 establezimenduk

Bizkaiko ile-apainketa eta estetikako hamabost establezimenduk jaso dute gaur Irudi Pertsonalaren profesionaltasun-arauaren eskakizunak egiaztatzen dituen ziurtagiria, langileen gaikuntzari, zerbitzua emateko bezeroen kalitatezko arretari eta etengabeko berrikuntzaren erronkari lotutako eskakizunak betetzeagatik.

Ondokoak izan dira Q ziurtagiria lortutako establezimenduak: Bruno de Juan ile-apaindegia, Kunen ile-apaindegia, On Stile ile-apaindegia, Damas apaindegia, Coifure Maen ile-apaindegia, Coifure Maen 5 ile-apaindegia, Arduan apaindegia, Ferro & Murillo, Ane ile-apaindegia, Ercilla 32, Alicia Suárez, Iunik Ile-apaindegia, A+B ile-apaindegia, Juan José ile-apaindegia eta Arco ile-apaindegia. Establezimendu horiek guztiak Barakaldon, Bermeon, Bilbon, Derion, Durangon, Getxon eta Leioan daude.

Ekitaldian, ondokoek parte hartu zuten: Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea, José Ángel Corres; Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Lehiakortasuna Sustatzeko zuzendari nagusia, Izaskun Artetxe; BIPE Bizkaiko Irudi Pertsonaleko Enpresen Elkarteko burua, Mercedes Martínez; eta IPB Bizkaiko Irudi Pertsonalaren Elkarteko burua, Manuel Perales.

Bizkaian, apainketa-etxeen kopuruak gora egin du azken urteotan eta 2.000 ile-apaindegi eta 800 apaindegi inguru zeuden 2010. urtean. Bestalde, esan beharra dago erabiltzaileek gero eta garrantzi handiagoa ematen diotela irudiaren zaintzaz aritzen diren establezimenduei: % 59k, 2008an (% 39 gizonezkoak ziren eta % 69 emakumezkoak); 2004an, berriz, % 45ek, Merkataritza Ganberak argitaratutako kontsumo-ohiturei buruzko azterketak dioenez.

Eskari horri erantzuteko, BIPE (Bizkaiko Irudi Pertsonalaren Elkarteak) eta IPB (Bizkaiko Irudi Pertsonala) lanbide-elkargoek, Merkataritza Ganberaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, estatuan aurrendaria den profesionaltasun-araua bultzatu dute, ondoko alderdiak balioesteko: Profesionaltasuna, zerbitzua eskaintzeko Artea eta Kalitatea, Bizkaiko Lurralde Historikoan jarduten duten irudi pertsonaleko enpresen artean.

Araua ezartzen duten erakundeen helburuak ondokoak dira: sektoreko enpresen kudeaketa profesionalizatzea, etengabeko berrikuntza bultzatzea, enpreson irudia hobetzea, eta bezero berriak lortu eta horiek fidelizatzea, zerbitzuaren kalitatean eta erabiltzaileen ohitura berrietarako egokitzapenean oinarri hartuta. Azken batean, enpresak eredugarria izan behar du zerbitzua emateko kalitateari eta erari dagokienez, bereziki, bezeroen fidelitate handiko sektorea dela aintzat hartuta: bezeroen % 74 beti joaten da ile-apaindegi edo apaindegi berera.

.