Bizkaiko Irudi Pertsonalaren Araua egiaztatu duten enpresak aitortu eta sustatzeko bigarren topaldia

2015eko irailaren 28an, Bilboko Merkataritza Ganberan, profesionaltasun- eta kalitate-ziurtagiria eskuratu duten ile-apainketako eta/edo estetikako enpresen bigarren topaldia egin zen, enpresek eurek eta Bizkaiko irudi pertsonalaren alorreko elkarteek, BIPE eta IPB erakundeek, eskatuta.

Ekitaldian, aipatutako elkarteetako ordezkariek, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek eta Merkataritza Ganberakoek parte hartu zuten. Gainera, ziurtagiria lortutako enpresetako ordezkariak ere erruz etorri ziren, hala nola Arrigorriaga, Barakaldo, Basauri, Bermeo, Bilbo, Derio, Galdakao, Getxo, Leioa, Mungia edo Portugaleteko establezimenduetako ordezkariak.

Ekitaldi horren xede nagusia hauxe izan zen: jarduerak antolatzea enpresa horiek guztien sustapena egin eta horien balioa nabarmentzeko, ile-apainketako eta/edo estetikako zerbitzuak baliatzen dituzten erabiltzaileen aurrean nabarmenduta, eta enpreson profesionaltasuna, jakintza eta eskainitako zerbitzuaren kalitatea agerian utzita.

Topaldian, establezimenduetan aurrerantzean ikusgai egongo den ikurra aurkeztu zuten. Ikur horren bidez, erabiltzaileek aise jakingo dute establezimenduak kalitate-araua egiaztatu duela. Ikurra, berriz, Expocosmética azokaren baitan jasoko dute, Bilbao Exhibition Centerren, azaroaren 28tik 30era.

Beste alde batetik, beste zabalkunde-kanpaina bati ekitea adostu zuten, sare sozialen bidez ekin ere, Espainiako estatuan aurrendaria den lanbide-arau horri datxezkion balioak ezagutzera emateko. Halaber, araua egiaztatutako enpresen zerrenda, hots, kudeaketa, zerbitzuaren kalitateari eta bezeroentzako zerbitzuak eskaintzeko gutxieneko ekipamenduari dagokienez, profesionaltasun-eskakizunak betez lan egiten duten enpresen direktorioa jakitera emango dute.