Q ziurtagiria banatzeko laugarren ekitaldia
Ile-apainketa eta estetikako hamaika establezimenduk egiaztatu dituzte Bizkaiko Irudi Pertsonalaren profesionaltasun-arauaren eskakizunak
BIPE eta IPB elkarteek sustatu dute lanbide-araua, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Merkataritza Ganberaren laguntzaz.
2015eko maiatzaren 11n, Bizkaiko ile-apainketa eta estetikako hamaika establezimenduk jaso zuten Irudi Pertsonalaren profesionaltasun-arauaren eskakizunak egiaztatzen dituen ziurtagiria. Ziurtagiri hori aurrendaria da estatuan eta langileen gaikuntzari, zerbitzua emateko bezeroen kalitatezko arretari eta etengabeko berrikuntzaren erronkari lotutako eskakizunak betetzen dituzten negozioei banatzen zaie.
Ondokoak izan ziren Q ziurtagiria lortutako establezimenduak: Alicia Algara, Carusa apaindegia, Mila Morán apaindegia, Silvia Merino apaindegia, Bombien ile-apaindegia, Dekuma’s ile-apaindegia, Elvira Santutxu ile-apaindegia, Gorribeltz ile-apaindegia, Nueva Imagen ile-apaindegia, Nuria Redruello ile-apaindegia eta Urcelay ile-apaindegia. Establezimendu horiek guztiak Barakaldon, Bilbon, Mungian eta Portugaleten daude.
Ekitaldian, ondokoek parte hartu zuten: Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea, José Ángel Corres; Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresak Sustatzeko Zerbitzuburua, Izaskun Artetxe; BIPE Bizkaiko Irudi Pertsonaleko Enpresen Elkarteko burua, Mercedes Martínez; eta IPB Bizkaiko Irudi Pertsonalaren Elkarteko burua, Manuel Perales.
Ganberako presidenteak honakoa adierazi zuen, “Alor honetako araua lan-tresna bikaina da eta, bereziki, enpresaren kudeaketa, bezeroei emandako arreta eta langileen gaikuntza balioesten ditu”. Arauari atxikitako eskakizunak betetzea borondatezkoa den arren, “horren balioa eta baliagarritasuna aitortu behar ditugu, legezko eskakizunak, segurutasunari eta higieneari lotutakoak, gutxieneko ekipamenduari buruzkoak, antolakuntza- eta kudeaketa-arlokoak, bezeroei ematen zaien arretari buruzkoak eta langileen gaikuntzaren ingurukoak aintzat hartzen dituelako”, azpimarratu du José Ángel Corresek.
Gaur egun, ile-apainketa eta apainketako ia 2.700 establezimenduk osatzen dute sektorea Bizkaian eta, gainera, esan beharra dago erabiltzaileek gero eta garrantzi handiagoa ematen diotela irudiaren zaintzari, Merkataritza Ganberak argitaratutako kontsumo-ohiturei buruzko azterketek diotenez. Eskari horri erantzuteko, BIPE eta IPB lanbide-elkargoek profesionaltasun-araua bultzatu zuten, hiru helbururi jarraiki: Profesionaltasuna, Artea eta Kalitatea. Hala, 2011. urtetik aurrera, Bizkaiko ile-apainketa eta estetikako 60 establezimenduk baino gehiagok ezarri dute araua eta, horri esker, nabarmen bereizten dira lehiakideetatik, aipatutako establezimenduak etengabe egokitzen direlako bezeroaren beharrizanetara eta, hori bermatuta, bezeroen fidelizazioa lortzen dute.