Bizkaiko Irudi Pertsonalaren Araua egiaztatu duten enpresak aitortu eta sustatzeko lehen topaldia
2014ko azaroaren 10ean, Bizkaiko Irudi Pertsonalaren Araua egiaztatu duten enpresa eta establezimenduen -ile-apainketa eta/edo estetikako establezimenduen- lehenengo topaldia egin zen.
Topaldi horretan, arloko enpresetako ordezkariek iritzia azaldu zuten estatuan aurrendaria den arau honek ekarri dizkien onurei eta baliagarritasunari buruz. Era berean, arauaren eskakizunak betetzeko esperientziez aritu ziren parte-hartzaileak. Aurretiaz egindako inkestetan, interesdunek adierazi zuten batzarrak egin nahi zituztela, baterako jarduerak adosteko eta arauaren balioa nabarmentzeko erabiltzaileen aurrean.
Topaldia Bilboko Merkataritza Ganberan egin zen eta establezimenduetako ordezkariek Bizkaiko Foru Aldundiko eta arloko bi elkarteetako -BIPE, Bizkaiko Irudi Pertsonalaren Elkartea eta IPB, Bizkaiko Irudi Pertsonala- ordezkarien laguntza eta babesa jaso zuten.
Topaldian parte hartu zuten establezimenduetako ordezkariek, besteak beste, ondoko alderdiak nabarmendu zituzten:
- Hurbilekoa izateaz haratago, irudi pertsonalaren arloak edo sektoreak profesionala eta lehiakorra izan behar du; horregatik ezarri da profesionaltasunaren arau hau.
- Profesionalek kudeatzen dituzte araua egiaztatu duten establezimenduak; profesional horiek eskainitako kalitatea eta zerbitzua bereizgarriak dira eta bezeroek kualitate horien berri izan behar dute.
- Gehienbat, arauaren ezarpenak bezeroen fidelizazioa ekarri du .
- Ikuspegi askotatik begiratuta, kalitatearen araua lan-tresna bikaina da eta, horregatik, onurak ekarri dizkie araua ezarri duten enpresei.
- Establezimenduek arauaren balioa aitortzen dute, bereziki, alor hauetan: enpresaren kudeaketa, bezeroei eskaintzen zaien zerbitzua eta langileen prestakuntza.
Establezimenduetako langileen inplikazioa erabatekoa izan da araua betetzeko eginkizunetan. Ildo horretan, enpresa horientzat guztientzat oso garrantzitsua da araua egiaztatzen lehenak izatea eta beste enpresa batzuentzako eredu bilakatzea.
Arau honek erabiltzaileen aurrean balioa eta aitorpena izan dezan, kalitatearen araua bera eta arauaren egiaztapena lortu duten establezimenduen zabalkundea funtsezkoa denez, lehenengo sustapen-kanpaina egin zen ekainean sare sozialen bitartez, eta parte-hartzea oso handia izan zen. Orain, bigarren kanpainari ekingo diogu eta opari-txartelak banatuko ditugu, erabiltzaileek Bizkaiko Irudi Pertsonalaren Araua egiaztatu duten establezimenduetan balia ditzaten.